30 noviembre 2012

Mundua berdea ote da dena?


Mundua berdea ote da dena?                                                                                                                                             
     "Satur eta bere taldeko satorrak, beldurra eta aurre-iritziak direla eta, ez dira inoiz atera sator zulotik. Hala ere, gauzak kontatu dizkioten bezala ez direla hasi da pentsatzen ...". Hauxe da Erein argitaletxeak azaroak 28an plazaratu berri duen Mundua berdea ote da dena? izenburupean gure lankide den MENDIren liburu ederraren atzeko azalean eskaintzen digun laburpena.

     Satur ez da sator arrunt  bat: Mendiren gizatasunak eta sakontasunak helduek animalitxo gazte honi txikitatik esan dizkiotenak zalantzan jartzeko eta haratago joateko grina sortarazten dizkiote. Bere kideek daukaten beldurra alde batera uzten du eta, bere ingurukoek ulertu ez arren, erosoa eta ezaguna zaion mundutik irten eta besteentzat mehatxua dena ezagutzeko erabaki zaila hartzeko adorea aurkitzen du.

     Gure satorrari beste munduak ezagutzeko gogoa pizteko prozesu horretan liburuek protagonismo handia daukate. Edozein liburuzalerentzat gozagarria den pasarte batean, hauxe esaten digu narratzaileak:"Saturri ikaragarri gustatzen zitzaion irakurtzea. Irakurtzen ematen zuen libre zeukan asti gehiena. Asko gustatzen zitzaizkion abentura-liburuak, beste mundu batzuetako eta beste izaki batzuen gauzak kontatzen zituztenak eta zer pentsatua ematen zizkiotenak". 

     Hizkuntza zuzena eta ulerterraza da, ezinbestekoa haurrek istorioa jarrai dezaten; gainera, txikiek euren hiztegia aberasteko aukera ere eskaintzen du hainbat esaldik. Irakurleei zuzenean hitz egiten die narratzaileak uneren batean ere, gertutasuna ziurtatuz. Marrazkiei dagokienez, koloreak zer esan handia du istorio honetan; bestalde, satorren lurpeko mundua xehetasunez aurkezten digu egileak, eta umore punturen bat ere ez da falta ...

     Mendik gaur bertan, Liburudenden Egunean hain zuzen, Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztu du  Mundua berdea ote da dena?. Bertan Ivan Landak Lauviaren giltza eta Ruben Ruizek Eider Eibarrekin sortutako Gure etxea lanak aurkeztu dituzte. Guztiak EREINek argitaratu ditu.

     Gure lankideak Sotoan liburuaren jatorriaz, sorrera prozesuaz eta muinaz era atsegin, lasai eta umilez hitz egin du, eta esan duena entzutea oso gustagarri gertatu da. Aurkezpenaren amaieran Estitxu Zabala kazetaria ere gerturatu zaio elkarrizketa bat egiteko.

    Irutxoloko Hitzak Mendiren liburuari buruz argitaratutako aipamen bat irakur daiteke hemen. Noticias de Gipuzkoak ere eskaintzen dio artikulu bat izendatu ditugun lau egileen lanen aurkezpenari.

     (Hona hemen Irutxulok Hitzeko Estitxu Zabalak k aurkezpenaren ondoren Mendiri egindako elkarrizketaldia - abenduak 5an argitaratua -).

     Zorionak bene-benetan, Mendi, helduei ere pentsarazten digun liburu atsegin bat sortzeagatik, eta eskerrik asko zure lanarekin irakurzaletasuna bultzatzeagatik! Saturren abentura gehiago irakurri eta ikusi ahal izango al ditugu?

Besarkada handi bat.

1 comentario:

  1. Zorionak Mendi,lan bikaina egiteagatik. Istorioa sinplea baina sakona aldi berean: gauzak eta esperientziak bizi behar dira.

    ResponderEliminar